Beste sari bat SmartKalea proiektuari

 

SmartKalea proiektuak, Ekonomia Sustatzeko Zinegotzigoak Donostia Sustapenaren bitartez martxan jarriak, ingurumenaren jasangarritasuna, energiaren eraginkortasuna, herritarren parte-hartzea eta gardentasuna sustatzen ditu, hiriko hainbat kaleetan Smart neurriak ezarriz. Andaluziako Herrien Garapenerako Fundazioaren eta Udalerrien eta Probintzien Andaluziako Fundazioaren saria jaso du, Hiri/Lurralde Adimentsuen eta Administrazio Elektronikoaren kategoriako proiektu onena izateagatik.

 

Aipatu saria pasa den martxoaren 12an banatu zen, Jaengo Kongresu-jauregian (IFEJA) ateak itxita ospatu zen ekitaldi batean. Horrez gain, SmartKaleak beste sari batzuk ere lortu ditu, esaterako, publiko-pribatu lankidetza-proiektu onenaren CNIS (berrikuntzaren eta zerbitzu publikoen nazio mailako biltzarra) 2017 saria, edo SOCINFO Fundazioaren Smart Cities 2015 saria.

 

Enrique Ramos Ekonomiaren Sustapeneko Zinegotziak adierazitakoaren arabera, "SmartKalea Proiekuari emandako hirugarren sari honek, 2014az geroztik Donostia Sustapenaren bitartez koordinatzen dugunak, Smart arloko proiektu honen originaltasuna eta izaten jarraitzen duen kalitate maila islatzen ditu, Donostiako eremu geografikoan hazten jarraitzen duen bitartean; izan ere, Alde Zaharretik hasi, Altzara iritsi eta orain Amarako Antso Jakitunean sartzen ari da. Proiektu honek barne hartzen dituen ekimen ezberdinek, zeintzuek herritarrei nahiz saltokiei zuzenduta dauden, eta hiriko azpiegituretan bertan egindako jarduketek, SmartKalea parte-hartze publiko-pribatuaren eta eremu teknologikoko jardueketen koordinazioaren eredu interesgarri bat izatea ahalbidetzen dute, herritarren bizitza hobetzeko helburuarekin".

 

SmartKalea ekimen berritzaile bat da, eta lankidetza publiko-pribatuko eredu aktibo eta integral bat ezartzen du, hiriaren eremu batean elkarrekin bizi diren eragileak Smart ikuspegi batetik bilduz: herritarrak, eremu geografiko horretako negozioak, elkarteak, bertako enpresa teknologikoak eta udaletako departamentuak. SmartKalea 2014an hasi zen ezartzen Donostiako Kale Nagusian –Alde Zaharreko oinezkoentzako kale enblematikoa–. 2016an, proiektua Altza auzora zabaldu zen, eta, urteotan guztiotan, hazten joan da egitasmoa, jarduera eta eragile gehiago erakarriz SmartKalea komunitatera. Horretaz gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baterako finantzaketa dugu proiektua Altza auzora eramateko.

 

Ekimenaren helburua da Donostia hiri adimendun bilakatzea, herritarren bizi kalitatea hobetzeko; halaber, enpresei eta negozioei ere ekarriko dizkie onurak, IKTak luze-zabal erabiltzeari esker, baita ingurumena eta baliabideak modu arrazionalean baliatzeari esker ere. Zehazki, proiektuak lortu nahi du aurrezpen energetiko eta ekonomiko handiagoa izatea etxebizitzetan, merkataritza establezimenduetan, ostalaritzan eta azpiegituretan, guztia ere herritarren eta eragile pribatuen sentsibilizazioa eta partaidetza sustatuz. SmartKaleak merkataritzako hiri ingurune jakin batean esku hartzen du, hura biziberritzeko xedearekin, eta, hala, eremuko merkataritzaren espezializazio adimenduna sustatzen du.

 

Ekimen horrek, era berean, negozio aukera berriak sortzea bultzatzen du tokiko lankide teknologikoentzat. SmartKalea egitasmoak, gainera, hiria laborategi moduko espazio bilakatzen du, produktu eta zerbitzu adimendunak eskaintzen dituzten bertako enpresek balia dezaten, saiakuntzak egiteko baldintza errealetan. Eta, bide batez, produktu eta zerbitzu horietarako erakusleiho bilakatzen da. Egindako ezarpenak monitorizatu egiten dira, eta balio erantsiko adierazleak eskuratzen, bai hiria kudeatzeko, bai bertako negozioen lehiakortasuna hobetzeko; halaber, herritarren artean zabaltzen du informazioa, proiektuaren webgunean ipintzen baititu eskuratutako adierazle eta datuak.

 

Neurketa eta optimizazioa ageri dira proiektuaren oinarrian. Besteak beste, proiektuan parte hartzen duten etxebizitza eta establezimenduetako energia eta ur kontsumoen monitorizazio integrala egiten da, eta, ezagutza horren bitartez, kontsumo horietan aurrezteko jarduerak bultzatzen dira.

 

Ekimen honetan parte hartzen duten etxeek batez beste % 10 inguru murriztu dute kontsumo elektrikoa; efizientzia energetikoko neurriak ezarri dituzten merkataritza establezimenduei dagokienez, berriz, aurrezpen hori % 28koa da ia (neurri horien artean sartzen dira, konparazio batera, airea girotzeko sistemak, hotza edo argiztapena). Merkataritza establezimenduetan, ur kontsumoa ere hobetu dute, eta, batez beste, % 26 murriztu. Era berean, SmartKalea egitasmoak oinezkoak eta dendetara sartzen diren pertsonak zenbatzeko sistema bat dauka, baita argiztapen adimenduna ere.

 

Andaluziako Herrien Garapenerako Fundazioa eta Udalerrien eta Probintzien Andaluziako Fundazioa dira Premio Progreso sariaren XII. edizioaren antolatzaileak. Aipatu saria tokiko gobernuek garatutako proiektuen ekimena, originaltasuna eta berrikuntza aintzatestera zuzendua dago, bere lurraldeko biztanleen ongizatea helburu duten proiektuena, hain zuzen ere. SmartKalea proiektuak hogei mila biztanletik gorako udalerrietarako Hiri/Lurralde Adimentsuen eta Administrazio Elektronikoaren bertsioko Saria jaso du.

 

Donostia Sustapenean, aipamen berezi bat egin nahiko genuke, eta SmartKalea proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei eskaini nahi genieke sari hau, egitasmoa errealitate bilakatzen laguntzen duten heinean. Alde batetik, proiektuan esku hartzen duten enpresa kolaboratzaile guztiei eman nahi dizkiegu eskerrak: Alchemy, Aranconta, Dinycon, Enea, FCC, Idom, Ikusi, In Situ, Iplay, Letter, Leycolan, Skootik, RAZ, Uhin, Wattio eta 3DIkustek. Eta, bestetik, aipamen berezia egin nahi diegu proiektuan parte hartzen duten merkataritza eta ostalaritza establezimendu guztiei, bai Alde Zaharrekoei, bai Altza auzokoei, urteotan guztiotan egitasmoarekin izandako inplikazioagatik. Era berean, eskerrik asko lankidetzan diharduten merkatarien eta ostalarien elkarteei ere.

 

Horretaz gainera, eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan parte hartzen duten Donostiako Udaleko departamentu guztiei: Ingurumena, Hiri Mantentze eta Zerbitzuak (zehazki, Ur eta Argiteria Zerbitzua), Mugikortasuna eta DonostiaTIK. Azkenik, eskerrik asko proiektuan parte hartzen duten herritar guztiei eta, bereziki, Kale Nagusiko eta Altza pasealekuko biztanleei, SmartKalea komunitateko kide diren aldetik.

 

Eskerrik asko eta zorionak guztioi!

 

Azken Berriak

Jadanik eskura dago SmartKalea proiektuaren 2021eko urteko txostena

SmartKalea proiektuaren 2021eko urteko txostena argitaratu da. Txosten horretan, 2021ean SmartKalea barruan monitorizatutako datuen emaitzak jasotzen dira. Zehazki, etxebizitza eta saltokien energia-kontsumoak eta kontsumo horien bilakaera aztertzen da txostenean. Halaber, argiztapen publiko adimendunaren kontsumoak aztertzen dira. Bestalde, oinezkoen, ibilgailuen eta tren-bidaiarien ugaritasunarekin lotutako datu monitorizatuak aztertzen dira. Azkenik, proiektuaren esparru geografikoetako aire-kalitatearen sentsorika aplikatuz lortutako datuen azterketa egiten da.

Jatorri berriztagarria duen energia elektrikoa taldean erostea SmartKalea proiektuaren esparruan

Donostia Sustapenak, SmartKalea proiektuaren esparruan, kontsumitzaileen elkarte bat sustatzen du, proiektuarekin bat egiten duten saltoki batzuek osaturikoa. Saltoki horiek, modu bateratuan, energia elektrikoa erosteko eskaintzak eskatzen dizkiete enpresa merkaturatzaileei. Elkartearen helburua da energia elektrikoaren hornikuntzan erabiltzaileek banaka eskuratuko lituzketen baino prezio lehiakorragoak lortzea.

SmartKalea-ko ideien deialdia

Dagoeneko kontsulta daitezke RAZ enpresak Donostiako Antso Jakitunaren kaleko mugikortasunari buruz egindako ekimenaren datuak. Ekimen hori Donostiako Sustapenaren Smar ideia-deialdiaren esparruan garatua izan da.

Donostia, Bodah proiektuaren hiri pilotua

Donostiako hiriak, Donostia Sustapenaren bidez, Interreg Atlantic Area programako BODAH (Big and Open Data for Atlantic Heritage) Europako proiektuan parte hartzen du. Hiria, Pau, Cork eta Compostelako Santiagorekin batera, proiektuaren barnean dauden 4 hiri pilotuetako bat eta, hala aurkezten da, herritarren eta turismoaren fluxuen inguruko garapen iraunkor holistikoena indartzeko eta datu eta teknologia adimentsuak erabiltzeari esker eragin sozial eta ekonomikoak birbanatzeko helburuarekin.

Pertsonen zenbaketa

SmartKalea proiektuaren esparru barruan Donostian ezarritako zenbaketa sentsoreak. Donostia Sustapenak pertsonak zenbatzeko sentsore ugari ezarri ditu hirian zehar, SmartKalea proiektuaren esparru barruan. Sentsore hauei esker ezagutu daiteke kale bakoitzetik igarotzen diren pertsonen kopurua denbora errealean eta bi norabideetan, Alde Zaharrera sartzeko eta bertatik ateratzeko, % 97tik gorako zehaztasunarekin ...

 


 

Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan gauzatutako proiektua, eta Europar Batasunak-Next Generation EU, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak finantzatua.

faldonsmart